domingo, enero 14, 2007

IKASTETXE GUZTIETAN "BULLYING"-AREN AURKAKO PLANA IZATEKO ESKATU DUTE

EILASek aurre egiteko neurriak eskatu dizkie Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.
Ikastetxe guztietan bullying-aren kontrako planak izan ditzatela eskatu zuen, EILAS sindikatuak, arazo hori uste baino larriagoa delako eta era berezian aurre egin behar zaiolako. Era berean, bullying-ari aurre egiteko neurriak hartzea tokian tokiko gobernuei dagokiela azpimarratu zuen eta eskaera zehatzak egin zizkien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Besteak beste, irakasleak eta gurasoak prestatzeko eskatu zuen eta ikastetxe bakoitzean egoeraren azterketa zehatzak egiteko, emaitzen arabera egin beharko liratekeelako arazoari aurre egiteko planak.
Ruben Belandia EILASeko kideak azaldu zuenez, hondarribitar gaztearen heriotzak bullying-aren aurkako politikan erabakiak hartzeko balio behar du eta jarrera aldaketa eskatu zien hezkuntza arduradunei. Hala, bullying-ari aurre egiteko politika zuzentzeko ardura Nafarroako Gobernuko eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailek beraiek dutela nabarmendu zuen. Belandiak gogoratu zuenez, bullying-aren aurkako borroka "antolatua" izan behar da eta ikastetxe guzti- guztietan publikoetan zein pribatuetan eragin behar du. EILASek Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari proposatzen dizkien neurrien artean, gurasoei eta irakasleei bullying-ari buruzko informazioa eta formazioa eskaintzea dago. Belandiak nabarmendu zuenez, arazoa "betikoa" izan arren, herritarrek ez dute behar den moduan ezagutzen eta horrela ezin zaio behar den moduan aurre egin. Era berean, ikastetxe bakoitzean egoeren azterketak egiteko eta horren ostean neurri zehatzak proposatzeko eskatu zuen.

No hay comentarios: